Gertura zaitez, eta gozatu historia pusketekin zipriztindutako paisaiaz (paisaia fisikoa zein giza paisaia).
 

Iratiko Oihana
Naturaren eta ekologiaren aldetik balio handia du, eta Europako pagadi/izeidi handienetakotzat jo dute. Paisaian etengabe atzematen dira aldaketak, bata bestearen atzetik: hostoen leherketa berdea, udaberrian...
Orbaitzetako Arma Ola
Orbaitzetako arma olaren hondakinak —arkeologia industrialaren altxorra— aitzakia ona da garai bat eta munduaren gaineko kontzeptu bat aztertzeko. Arma ola benetako herrixka zen, hiri txikia Iratiko pagadi piriniarraren erdian...
Garaiak
Nafarroan 21 garai dago, guztiak Partzuergoko lurraldeetan (15 Aezkoan). Guztiak kultura intereseko ondare izendatu dituzte. Garaia ohiko eraikuntza da leku hezeetan...
Artzainak eta transhumantzia
Bertako arrazak Aezkoako arbasoek utzitako ondare garrantzitsua dira. Tradizioaren arabera, Irati ibaia da arrazen arteko muga. Eskuineko aldean ardi latxa zen nagusi, eta pareko ertzean, aragoiar rasa ardi delakoa...
 
Iratiko Oihana
Lurralde zabala da (17.195 Ha), eta % 75 basoa da. Mendiek inguraturiko arro batean dago. Inguruan honako ibarrak ditu: Aezkoa eta Zaraitzu (Nafarroa Garaia), Garazi (Nafarroa Beherea) eta Larraine (Zuberoa). Antzinatetik ustiatu izan da, abeltzaintzarekin, basoa aprobetxatuta edo ehizarako.

Naturaren eta ekologiaren aldetik balio handia du, eta Europako pagadi/izeidi handienetakotzat jo dute. Naturaz gozatzeko, oso erakargarria da urte osoan zehar. Basoaren kalitatearekin bat, Iratiko animaliak askotarikoak eta erakargarriak dira: orkatza, oreina, basurdea, lepahoria, igel piriniarra, okil beltza. Paisaian etengabe atzematen dira aldaketak, bata bestearen atzetik: hostoen leherketa berdea, udaberrian; abereak larrean, udan; udazkeneko koloreaniztasuna; neguko isiltasuna, elurrak zuriz estalita, batzuetan.

Hainbat ibilaldi zein zeharkaldi egin daitezke oinez edo mendi bizikletaz, eta, halaber, mendietara igo daiteke, edo neguko jarduerak egin daitezke elur gainean (elur erraketak; iraupen eskia, balizatuta, Abodin;...). Horri esker, urte osoan zehar goza daiteke inguru horren kalitateaz. Irabiako urtegia, basoaren bihotzean, lekuaren edertasuna areagotzen du.
Horrez gain, badira 16 bidezidor balizatu. Arduraz aukeratu dira bidezidorrok, eta haietan barrena paseatzea da erarik onena gordetzen dituzten sekretuak aurkitzeko. Oro har, adin guztietakoentzat dira.

Aezkoa abiapuntu harturik, Orbaitzetatik iristen da Iratira; Zaraitzutik abiatuta, Otsagabiatik iristen da.
Otsagabiako eta Orreagako informazio eta turismo bulegoek (urte osoan) zein Garraldako bulegoak (goi denboraldian) zalantzak argitzen lagunduko dizute.
Gainera, goi denboraldian, Irati barruan —Arrazolan eta Elurretako Andre Marian— badaude argibideetarako puntuak.

Basoko hainbat arlo babestuta dago, eta, haien artean, badira natura babesteko zenbait figura: hegaztiak babesteko naturgune bereziak, erreserba naturalak eta integralak, eta Europar Batasunaren ekologia intereseko leku bat ezartzen ari da.
Iratin, baliabide eta jarduera guztiak harmonizatzeko eta arrazionalizatzeko plan bat dago: turismoa, ehiza, abeltzaintza, basogintza.
 
   
 
Orbaitzetako Arma Ola
Orbaitzetako arma olaren hondakinak —arkeologia industrialaren altxorra— aitzakia ona da garai bat eta munduaren gaineko kontzeptu bat aztertzeko. Arma ola benetako herrixka zen, hiri txikia Iratiko pagadi piriniarraren erdian.
Erdigunean, eliza eta jauregia zeuden, eta bazegoen hainbat etxe mota, gizarte mailaren arabera. Ilustrazioren (XVIII. mendea) eragina zela medio, langileen erosotasuna lortu nahi zen, ekoizpenaren mesederako. Langileen eta teknikari espezializatuen artean, 50 baino gehiago ziren, eta ustiatzeko eta mantentzeko gastuak oso handiak ziren; hala ere, arma olak urtean 3.600 bonba ere egin zituen.

Orbaitzetako arma ola Eugikoak inguruko basoak agortu zituenean sortu zen. Beste toki bat bilatu zuten orduan, modu iraungarrian etengabeko ekoizpena ziurtatzeko modukoa, errege armadako artilleriaren beharrak asetzearren.
Aspalditik ustiatzen ziren burdina meatokiak, hurbileko erreketan zegoen ur ugaria, eta zura (Aezkoako mendia laga zioten, Koroak bete ez zuen hitzarmen baten bidez) zirela kausa, Karlos III.ak arma ola egun dakigun tokian jartzea erabaki zuen. Jasota dago, lehenago burdinola izan zela Txangoan, arma olaren hondakinak dauden lekutik iparraldera; izan ere, tokiaren izenak jarduera hori bera aipatzen du: Olazar.

Ia XIX. mendeko gerra nagusi guztiek eragin handia izan zuten bai arma olan bai ibarreko herrietan: Konbentzio gerrak, karlistaldiek...
Behin betiko itxi zutenetik, 1873an, arma ola hondatu egin da gutxika gutxika. Hala eta guztiz ere, oraindik ere atal batzuk ikus daitezke: labeak, Legartza ibaiaren kanalizazioa, eliza, jauregia, eta abar.

Bada, egun, zaharberritzeko proiektua, arma olari haren garrantziarekin bat datorren itxura emate aldera.
 
   
 
Garaiak
Nafarroan 21 garai dago, guztiak Partzuergoko lurraldeetan (15 Aezkoan). Guztiak kultura intereseko ondare izendatu dituzte. Garaia ohiko eraikuntza da leku hezeetan. Hor, aleak urri direnez, ongi gorde behar dira, hezetasunetik eta animalia karraskariengandik babestuta.

Garaiek (garea Aezkoan) lau angeluko oinplanoa dute, eta bi isurialdeko teilatua, zurezko oholekin egina. Multzo hori harrizko zutabeen gainean jarrita dago. Zutabeen goialdean harlauza biribilak daude, karraskariak sar ez daitezen. Barruan konpartimentuak daude, zizkuak deritzenak. Hor gordetzen dira martxagaria edo martxoan ereindako garia, azarogaria edo azaroko garia (hori da estimatuena ogia egiteko), babak, oloa eta garagarra.

Aezkoako garaia aldaera berezia da, klimarekin eta hango eraikuntzekin bat datorrena. Aezkoako garaiaren oinplanoak 4,5x5 m ditu, gutxi gorabehera, eta 8 zutaberen gainean dago jarririk. Teilatuak bi isurialde ditu, oso pikoak elurragatik (% 100 eta % 120 bitarteko malda). Harlangaitzezko hormak ditu, ate batekin, eta, batzuetan, leiho batekin. Ohiko teilatua zurezko oholekin egina zen, gainerako eraikuntzetan bezala. Karraskariak sar ez zitezen, eskailera eraikinetik bereiz zegoen, eta zutabeen gainean harlauza biribilak (haietan bermatzen da garaia, hain zuzen) zeuden.

Arian eta Hiriberrin launa garai daude, Orbaizetan hiru daude, eta bana Garraldan, Ariben, Garaioan eta Orbaran.
 
   
 
Artzainak eta transhumantzia
Bertako arrazak Aezkoako arbasoek utzitako ondare garrantzitsua dira. Tradizioaren arabera, Irati ibaia da arrazen arteko muga. Eskuineko aldean ardi latxa zen nagusi, eta pareko ertzean, aragoiar rasa ardi delakoa.
Latxen artean, latx muturbeltz adarduna da ugariena. Bisitari batzuek ahuntzekin nahasten dituzte. Esnetarako ardia da, eta urtean 120 bat litro ematen ditu. Esne horrekin Aezkoako gazta tradizionala egiten da. Neguan, eskortan gelditzen ziren, edo iparraldera, Behe Nafarroako edo Zuberoako ibar epeletara eramaten zituzten.

Rasa ardia haragitarako zein esnetarako ardia da, eta ez da hain ohikoa ibarrean. Zaraitzutik edo Erronkaritik Bardeetara transhumantzian joaten zen ardi mota da hori. Egun, ez da gazta asko ekoizten, eta gehiena Orbaizetan egiten da. Kalitate handikoa da, eta ez da oso ezaguna, Idiazabalgo jatorri deituraren barruan ezkutaturik dago eta.
Aezkoaren harrotasunerako, Pirinioetako behi azienden arraza han gorde da. Orain dela 30 urte, oso gutxi gelditzen ziren, gehienak Aezkoan, eta ordutik aurrera gero eta balio gehiago eman izan zaie. Haragitarako behiak dira. Haragia kalitate handikoa da, eta Nafarroako Aretxea labela du.
 
   
atxatxuri digital