Nafarroako Pirinioetako ibar bakoitzean, eragin ezberdina izan dute klimak, orografiak, kulturak eta historiako gorabeherek. Hori dela eta, hainbat etxe mota dago.

Euskal Herriko kulturan, etxea etxebizitza baino gehiago da; nortasuna ematen duen eta leinua transmititzen duen berebiziko elementua da.

Etxea

Aezkoako etxeak Pirinioetako arkitekturaren kanonak betetzen ditu, erre eta gero berriz eraiki diren etxeak izanik ere. Etxe mota horretan teilatuen malda handia nabarmentzen da. Teilatu horretan, ohol arrailduzko teilen ordez (gaur egun ere borda batzuetan ikus daitezke), buztinezko teilak jarri ziren, suteak saihesteko.

Zaraitzun dagoen etxe mota Auritzetik Gironaraino aurki daiteke. Itxura sendoa eta soila dute, hormak harrizkoak dira, eta aurrealdea estua da. Etxeak bata bestearen kontra pilatzen dira, haien artean etxekartea deritzon lekua utzita. Teilatuak oso pikoak dira, bi edo lau isurialdekoak, eta teila zapalekoak. Hiru solairu ditu etxe mota horrek, eta ondoko eskorta bat.

Erronkariko etxea: Erronkariko herrien eitea, oro har, trinkoa da, etxeak oso hurbil daudela bata bestetik, baina, ahal dela, horma bitartekorik gabe. Sarritan, bizpahiru etxeko blokeak eratu dira, etxebizitzaren ondoan baratze txikia dutela, eta herrigunearen antolaera itxia hausten dute.
Etxe tradizionala horma lodikoa da, gotorra, ongi egokitua klimaren laztasunetarako. Teilatuak oso pikoak dira iparraldeko herrietan, baina ez hainbeste hegoaldekoetan. Gainerako ibarretan bezala, lau isurialdeko teilatuek adierazten zuten jabeek diru gehiago zutela.
Herrigunearen barruko etxe askotan eskorta dago.


Luzaide: Historiako gorabeherek hiri egitura atlantikoa eman diote Luzaideri: auzune txikiak eta etxeak mendi mazeletan sakabanaturik. Teilatuak ez dira hain pikoak, neguak ez baitira hain gogorrak. Herrigunetik kanpo, etxeak baserri bakartuak dira, teilatu hegal zabalekin, eta inguruan lur sailek osaturiko mosaikoa dute, hainbat laborerekin.

Irunberri: Arroan diren etxeak Pirinioetako etxeen eta Nafarroako erdialdekoen arteko nahastea dira. Hala, esaterako, Irunberrik Erdi Aroko egitura duen herria da. Ibarraren goialdean dago, eta erromatarren garaitik da ezaguna (aztarnategiak daude). Tankera obala du, kale estuekin eta etxeak pilatuta.








Beste ibar batzuetan, hala nola Erroibarren, Esteribarren edo Izagaondoan, azaldu ditugun etxe mota horien aldaerak daude.

atxatxuri digital