Nafarroan 21 garai dago, guztiak Partzuergoko lurraldeetan (15 Aezkoan). Guztiak kultura intereseko ondare izendatu dituzte. Garaia ohiko eraikuntza da leku hezeetan. Hor, aleak urri direnez, ongi gorde behar dira, hezetasunetik eta animalia karraskariengandik babestuta.
Garaiak
Garaiek (garea) lau angeluko oinplanoa dute, eta bi isurialdeko teilatua, zurezko oholekin egina. Multzo hori harrizko zutabeen gainean jarrita dago. Zutabeen goialdean harlauza biribilak daude, karraskariak sar ez daitezen. Barruan konpartimentuak daude, zizkuak deritzenak. Hor gordetzen dira martxagaria edo martxoan ereindako garia, azarogaria edo azaroko garia (hori da estimatuena ogia egiteko), babak, oloa eta garagarra.

Aezkoako garaia aldaera berezia da, klimarekin eta hango eraikuntzekin bat datorrena. Aezkoako garaiaren oinplanoak 4,5x5 m ditu, gutxi gorabehera, eta 8 zutaberen gainean dago jarririk. Teilatuak bi isurialde ditu, oso pikoak elurragatik. Harlangaitzezko hormak ditu, ate batekin, eta, batzuetan, leiho batekin. Ohiko teilatua zurezko oholekin egina zen, gainerako eraikuntzetan bezala. Karraskariak sar ez zitezen, eskailera eraikinetik bereiz zegoen, eta zutabeen gainean harlauza biribilak (haietan bermatzen da garaia, hain zuzen) zeuden.

Urraulgoiti: Bi garai daude. Zabaltzan Estokiko garaia dago. Aezkoako edo Zaraitzuko garaien egitura bera du, baina teilatua ez da hain pikoa, klima ez baita hain gogorra. Fede Santuaren monasterioaren barruan dagoen garaia handiagoa da, eta auzo garaien edo hamarrenetarako garaien egitura du. Herri guztiaren edo elizaren garaiak ziren, eta auzotarren bihiak biltzeko erabiltzen ziren. Badirudi halakoak zeudela herri batzuetan, udalaren ardurapean edo —elizarenak baziren— parrokoaren ardurapean. Azken horrek hamarrenak edo elizarentzako zergak biltzen zituen.

Zaraitzu. Garai eder bat baino ez da gelditu. Zabaltzako garaiaren antzeko egitura du.


Longida: Ez da erraza ikustea Ekaiko garaia (Joanena esaten diote), patio itxi batean dagoelako. Itxuraz, hamarrenetarako garaia izan zen. Erdotzainekoa garai bikaina da. Harlangaitzezko arkuen gainean dago, eta Erdotzaineko jauregiko (gaur egun erorita dago) patioan berreraiki zuten. Merezi du bisitatzea.
Artzibar: Lusarreta herrikoak Erdotzaingo garaiaren egitura bera du, bai eta Iratxetakoak (Oibar) ere. Beste etxe bati atxikita dago, eta harlangaitzezko arkuen gainean eraiki zuten.

atxatxuri digital