|
Orreagako kolegiata,
penintsulan, eragin frantses handiena
duen elizatzat jo dute, Estiloari
dagokionez, garaian (XIII. mendea)
zen gotiko frantses onenekoa da. Auritzeko
kareharriarekin egin zuten. Artelanik
behinena kolegiatako irudi nagusia
da: Ama Birjina haurrarekin irudikatzen
duen tailu bat, zilarrez estalia.
XVII. mendeko klaustroa aurretik zegoen
klaustro gotikoa ordeztu zuen. Hura,
elurte handi baten ondorioz, erori
egin zen, eta erre. Kapitulu aretoa
edo San Agustinen Kapera XIV. mendekoa
da. Hor dago ehortzita kolegiata fundatu
zuen erregea, Nafarroako Antso Azkarra,
Navas de Tolosako batailan garaipena
lortu zuena. Hor, erregearen irudi
etzana dago, erraldoia, eredu naturalari
jarraikiz egina. Errege azkarraren
aparteko tamaina erakusten du horrek
(2,25 metro garai). 1622. urtetik
1890. urtea arte lurpean egon ondoren,
estatua berreskuratu zuten.
Done Jakueren edo Izpiritu Santuaren
kaperari Karlomagnoren Siloa ere esaten
zaio. Kontatzen dutenez, hor daude
ehortzita Orreagako gatazkan hil ziren
Frantziako hamabi pareak. Museoan,
pintura eta urregintza lan ederrekin
batera, Karlomagnoren xake jokoa deritzona
dago.
Ospitalea eta Itzandegia (interpretaziorako
gunea) multzo apartaren osagai bereziak
dira. Guztia hobeto ezagutzeko, badaude
antolaturik bisita gidatuak, eta tokiko
turismo bulegoan haiei buruzko informazioa
lor dezakegu.
Kolegiata herri elizkoitasunaren gune
garrantzitsua da. Apiriletik aurrera,
inguruko ibar guztietan erromeriak
egiten dira Orreagako Ama Birjinaren
omenez. Eliza nagusian dagoen irudi
gotiko bat da.
Ama Birjinaren agerpenaren gainean
badago elezahar bat. Artzaintxo bat
eta orkatz bat dira protagonistak.
Artzainak halako kantu batzuk entzun
omen zituen harkaitz batzuen ondoan,
eta lurrean aztarrika egiten ari zen
orkatz bat ikusi omen zuen, argizko
adarrak zituena. Leku hartantxe agertu
omen zen Ama Birjina. Pirinioetan,
beste agerpen batzuk kontatzeko, narrazio
egitura bera erabiltzen da. Batetik,
artzainak ditugu, baso artzaintzan
oinarrituriko kultura batean, eta,
bestetik, orkatzak edo oreinak, baso
inguruan; kristauek ematen dizkieten
balio sinbolikoaz gain, oso esanguratsuak
dira.
Otsagabia:San
Joan Ebanjelariaren omenezko gotorleku
eliza oso tamaina handikoa da. Goialdean
dago, eta haren nabe trinkoa nagusi
da herriaren gainetik; dorre oktogonalak
herriaren profila eratzen du. Lan
monumental hori hainbat garaitan eraiki
zen. Epistolaren horman, Erdi Aroko
eliza baten hondarrak gelditu dira,
1.200. urtekoa gutxi gorabehera. Hondar
horiek, egun, kripta baten eran ageri
dira, egungo elizaren mailarekin duten
aldea dela kausa. Egungo eliza, hain
zuzen, XVI. mendearen lehen erdian
eraiki zuten, askoz leku gehiago harturik.
Sakristia eta ipar mendebaldeko kapera
XVII. mendekoak dira.
Oraindik ere badu oholezko teilatua,
XX. mendearen hasiera arte tipikoa
Zaraitzuko eraikuntzetan
Barruan, Errenazimentuko erretaula
zoragarriak daude ikusgai.
Izaba:
San Ziprianoren eliza XVI. mendekoa
da, eta gotorleku eitea du. Bitxia
da duen teilatu gorrixka. Estilo platereskoko
erretaula nagusia ederra da, eta badu
1.751ko organo barroko bikaina. Idoiako
Ama Birjinaren eta haurraren tailu
bat ere badago.
Artzi:
Artziko Sortze Garbiaren eliza XII.
mendeko erromaniko landatarraren adibide
bikaina da, eta kultura intereseko
ondare izendatu dute. Artziko jaunek
eraikiarazi zuten, ibarreko batzarlekua
zegoen tokian, herrietatik bereiz.
Penintsulan Nafarroako Erresumak izan
zuen urrezko aroa zen. Bi mende lehenago,
Antso Handiak Donejakue bidea Nafarroan
behin betiko finkatzea lortu zuen.
Horretarako, sentimendu espiritual
eta moral sendoa sustatu zuen, musulmanen
eraginaren aurka egiteko, eta Europako
korronteak sar zitezen errazteko.
Artaiz:
Untzitibarko herri xehe horretako
muino txiki baten gainean, San Martin
Toursekoaren eliza dago. Portadako
eta teilatu hegaleko eskulturen balio
ikonografikoa dela kausa, Nafarroako
erromaniko landatarraren altxorretako
bat da. XII. eta XIII. mendeak bitartean
eraiki zuten, eta ez dugu eginarazi
zuenaren berri. Ez dago erregistratuta
Orreagako monasterioaren edo Leireko
monasterioaren mendekoen artean, eta
herriko biztanle urriek nekez ordaindu
ahal izango zuten eskulturen kalitate
handi hori. Beraz, Artaitz jaurerria
izan zela uste da (Almoravidarren,
Nafarroako aitoren seme batzuen jaurerria,
beharbada). Loarreren eragina jaso
dutenen artean dago, Etxanoko Done
Petriren ermitarekin, Oloritzen, Katalaingo
Kristoren ermitarekin, Garinoainen,
zein Azueloko monasterioarekin eta
Olletako eta Artziko parrokia elizekin
batera.
1958an eliza zaharberritu zuten.
Abaurrepea:
XV. mendeko eliza gotikoa da, San
Martin Toursekoari eskainia. Harriz
egin zuten, hirutan banaturiko eta
burualde poligonaleko nabe bakar batekin.
Koruko eskailerako eta koruko bertako
balaustrada nabarmentzen da. Aezkoan
gelditzen den burdin hesi landu bakarra
gordetzen du. Burdin hesi handi horiek
aldarea eta eliztarrak banantzen zituzten.
Aurizberri: Eliza modernoa
da, 1961ean eraikia, San Bartolomeren
omenez. |