Arma olaren hondakinak —arkeologia industrialaren altxorra— aitzakia ona da garai bat eta munduaren gaineko kontzeptu bat aztertzeko. Arma ola benetako herrixka zen, hiri txikia Iratiko pagadi piriniarraren erdian.
Erdigunean, eliza eta jauregia zeuden, eta bazegoen hainbat etxe mota, gizarte mailaren arabera. Ilustrazioren (XVIII. mendea) eragina zela medio, langileen erosotasuna lortu nahi zen, ekoizpenaren mesederako. Langileen eta teknikari espezializatuen artean, 50 baino gehiago ziren, eta ustiatzeko eta mantentzeko gastuak oso handiak ziren; hala ere, arma olak urtean 3.600 bonba ere egin zituen.

Orbaitzetako arma ola Eugikoak inguruko basoak agortu zituenean sortu zen. Beste toki bat bilatu zuten orduan, modu iraungarrian etengabeko ekoizpena ziurtatzeko modukoa, errege armadako artilleriaren beharrak asetzearren.
Aspalditik ustiatzen ziren burdina meatokiak, hurbileko erreketan zegoen ur ugaria, eta zura (Aezkoako mendia laga zioten, Koroak bete ez zuen hitzarmen baten bidez) zirela kausa, Karlos III.ak arma ola egun dakigun tokian jartzea erabaki zuen. Jasota dago, lehenago burdinola izan zela Txangoan, arma olaren hondakinak dauden lekutik iparraldera; izan ere, tokiaren izenak jarduera hori bera aipatzen du: Olazar.

Ia XIX. mendeko gerra nagusi guztiek eragin handia izan zuten bai arma olan bai ibarreko herrietan: Konbentzio gerrak, karlistaldiek...
Behin betiko itxi zutenetik, 1873an, arma ola hondatu egin da gutxika gutxika. Hala eta guztiz ere, oraindik ere atal batzuk ikus daitezke: labeak, Legartza ibaiaren kanalizazioa, eliza, jauregia, eta abar.

Bada, egun, zaharberritzeko proiektua, arma olari haren garrantziarekin bat datorren itxura emate aldera.
atxatxuri digital