Batzuek Done Jakue apostoluaren hilobiaren aurkikuntza ezarri dute mendebaldeko kulturaren ekimen garrantzitsuenetako baten hasieratzat. Baina bideak aurretik ere egiten zen ibilbide bati zegokion, Finisterreko ibilbideari; erromatarren bidea zen.
Hilobia aurkitzea berebiziko gertaera izan zen, eta Erdi Aroko mendebaldeko herriak txunditu eta hunkitu egin zituen. Ordudanik, Nafarroako Pirinioak nahitaezko pasabidea izan dira Europatik Galiziara apostolua gurtzera zihoazen erromesentzat.
Mendeetan zehar, hainbat lekutako eta hainbat gizarte mailatako gizakien joan etorria aberasgarria izan zen, oso, Nafarroako herrientzat, ekonomiaren aldetik ez ezik, kulturaren eta artearen aldetik ere bai.
Elizak, monasterioak, ermitak, eta ospitaleak egin ziren bidean zehar pixkanaka pixkanaka, eta haietako batzuek gaur egun ere badiraute. Eraikuntza haietako askotan atzerriko artistek parte hartu zuten.
Donejakue bideak kulturaren eta artearen aldetik duen erakargarritasunari edertasun handiko ingurune naturalak gehitzen zaizkio: pagoz, haritzez edo artez osaturiko baso sarriak, iralekuak, mendiak, ibaien sorburuak... naturaren zaleentzako paradisu baten osagaiak dira.

Donibane Garazitik hurbil, Donejakue bideak bi adarretatik jotzen du Pirinio aldera:






- Goiko bidetik (Napoleonena edo Bentarteko pasabidekoa ere baderitzo): Bentartea edo Lepoeder mendi lepoetatik. Bordeletik Astorgara zihoan erromatarren galtzadak egiten zuen bide bera egiten du. Galtzada horrek (oraindik ere zati batzuetan ikus daiteke) eremuko komunikabideen egitura baldintzatu zuen.

- Beheko bidetik (haitzarteko bidea ere esaten zaio): Ibañetaraino igotzen da haranean zehar.
atxatxuri digital