Bertako hizkerak atzera egin dute nabarmen.
Batzuk joan den mendean zehar galdu ziren
(Pirinio aurreko arroak). Beste hizkera batzuk,
hala nola Erronkarikoa eta Zaraitzukoa, duela
gutxi desagertu dira, azken hiztunekin batera.
Ibar horietatik Bardeetara eta Erriberara
egiten zuten transhumantzia, eta han gaztelaniaz
egiten zen. Luzaiden euskarak badirau, eta
Aezkoan oraindik eutsi dio, behar bada hango
ardiak Nafarroa Behereko haranetara, euskaraz
egiten den tokietara, eramaten zituztelako
transhumantzian.
Edonola ere, euskarak eguneroko bizitzako
hainbat elementutan ageri da: hizkeran, toponimian,
hiztegian... haietan guztietan ageri da lurralde
hauetako ama hizkuntza. Gaur egun, ezaugarri
bereziak gorabehera, euskara batuan egiten
da, eta egoera ezberdina da leku batetik bestera.
Nafarroako gobernuak ezarri duen zonifikazioak
Partzuergoko herriei ere eragiten die, eta
hiru alde ezarri dute: euskalduna, mistoa,
eta ez euskalduna. Alde bakoitzean, legeak
era ezberdinean tratatzen du euskara.
Historian zehar, ikerle ugariren arreta
bereganatu du euskararen eta euskalkien
ikerketak.
- Lehen ikerlea Luis Luziano Bonaparte
izan zen (Napoleonen iloba), 1863an; 8 euskalki
ezarri zituen. Bonaparteren iritziz, zortzi
euskalki zeuden (25 azpieuskalkirekin):
bizkaiera, gipuzkera, hegoaldeko goi nafarrera,
iparraldeko goi nafarrera, ekialdeko behe
nafarrera, mendebaldeko behe nafarrera,
lapurtera eta zuberera.
- XX. mendearen hasieran, Resurreccion
Maria de Azkue bigarren ikerle
nagusiaren ustez, euskalkiak zazpi ziren:
bizkaiera, gipuzkera, goi nafarrera, behe
nafarrera, lapurtera, zuberera, eta erronkariera.
- XX. mendearen erdialdean, Koldo
Mitxelenak honako bederatzi euskalki
hauek proposatu zituen: bizkaiera, gipuzkera,
goi nafarrera, aezkera, zaraitzuera, erronkariera,
behe nafarrera, lapurtera eta zuberera;
horiei, 1958an, hamargarren euskalkia gehitu
zien, hegoaldeko euskara, Araban, Errioxan
eta Burgosko iparraldean erabiltzen zena,
XVIII. eta XIX. mendeak bitartean desagertua.
- Berriki, Koldo Zuazo
dialektologo eta irakasleak beste sailkapen
bat proposatu du egungo euskalkietarako:
mendebaldeko euskara, erdialdeko euskara,
nafarrera, nafar-lapurtera,
zuberera eta ekialdeko nafarrera.
Letra lodiz nabarmendu ditugu Turismo Partzuergoko
lurraldeetan egiten diren euskalkiak.
Inguru horietako euskara ikertu dutenen
artean, Arturo Campion,
Iñaki Camino edo
Aitor Arana ere aipatu
behar dira. Perpetua Saragueta
Mezkiritzeko idazlea ere aipatu behar dugu;
ipuinak idatzi zituen eta inguruko etnografia
ikertu zuen.
|