Pirinioetako ibarrek tradizio ugari gorde dute arduraz. Aspaldi aspalditik diraute bizirik, eta herriaren kultura islatzen dute. Horri dagokionez, jaietan, ongi pasatzeaz gain, Pirinioetako bizimodu tradizionala ezagutzeko aukera ona aprobetxa dezakegu.
Hiru behien zerga
Europan diren partzuergoko hitzarmenik zaharrenetakoa da. Erdia Aroaz geroztik, Biarnokoek, Baretous ibarrekoek, hain zuzen, hiru behi eman behar dizkiete Erronkarikoei. Behi horiek antzeko adina, ilajea eta hortzak izan behar dituzte, Erdi Aroko bake hitzarmen bati jarraikiz. Urtero, San Martingo Harrian gauzatzen da zergaren ordainketa, hor baitago bi ibarren arteko muga.
Etenik gabe, uztailaren hamahiruan egin da, duela seiehun urtetik hona. Zergaren jatorria Pirinioetako isurialde batekoen eta bestekoen artean, bazkalekuak eta iturriak zirela kausa, sorturiko gatazkak dira. Horiek amai zitezen, bake hitzarmena egin zen, eta mendez mende gogorarazi da.
Behiak eskualdatu aurretik, Erronkariko eta Baretouseko alkateek eskuak bata bestearen gainean jartzen dute, eta errituzko esaldi bat esaten dute hiru aldiz: pax avant (bakea aurrerantzean). Horrela, urtez urte, bake hitzarmena berritzen da bi ibarren artean. Egun, zeremonia jendetsua da, eta jai giroan egiten da.
Argibide gehiagorako: Tel. 948 893 251
Aezkoako Eguna
Herri festa da, jai eta errebindikazio girokoa; urtero egiten da, iraileko hirugarren igandeak, eta ehunka biltzen dira Aezkoakoak. Aezkoa Kultur Elkarteak antolatzen du, eta, txandaka, urte bakoitzean herri batean egiten da. Egitarauan izaten dira musika, erakusketak, herri bazkaria, herri kirola...
Almadiaren Eguna
Festa hori urtero egiten da, maiatzaren hasieran, eta hainbat almadia jaisten dira Ezka ibaian behera, bost kilometroko ibilbide batean. Burgiko Erdi Aroko zubian bukatzen da, presako jauzia egin ondoren.
Almadien jaitsieraren osagarri, hainbat ekitaldi egiten dira urtero, kulturaren, kirolaren edo folklorearen ingurukoak, hala nola erakusketak, musika emanaldiak, dantzak, eskulan azoka, herri bazkaria, ikus entzunezko proiekzioak, antzerkia, herri kirola, dantzaldiak...
Sorogaingo marka
Partzuergoek edo mugaren bi aldeetako aziendek lurralde berean bazka dezaten eginiko hitzarmenek Erdi Arotik hona iraun dute Pirinioetako mugaldeko ibar batzuetan. Erroibarreko eta Baigorriko aziendak Sorogainen xakitzen dira, marka deritzon zeremonia batean. Egun, jai giroan egiten da, eta hangoak zein kanpokoak erruz joaten dira. Hitzarmena bi ibarretako ordezkarien arteko bazkariarekin ospatzen da, eta badira musika, erakusketak, artisauak, jokoak, eta denek ikus dezaketen artzain txakurren lehiaketa ere.

Urtean bi marka egiten dira:
- Maiatzeko bigarren larunbatean: behi aziendak eta zaldi aziendak markatzen dira. Egun horretan, Baigorriko behi aziendak markatzen dira, Sorogainen (Erroibarkoa) bazkatuko baitira udaberrian.
- Iraileko hirugarren larunbatean: Sorogainen udazkenean bazkatuko diren abereak markatzen dira. Baigorriko eta Erroibarko ardiak markatzen dira, eta Erroibarko behorrak. Tel.: 948 768 011.
Urepelen (Baigorri) ere bi marka egiten dira, hurbileko egunetan.

Argibide gehiagorako: Tel. 948 768 011
Bost-Kirol
Mezkiritzen, 1981az geroztik, Bost-kirol pilota txapelketa egiten da urtero. Honako modalitate hauek daude: pala motza, larruzko paleta, xare, gomazko paleta, eta eskuz. Txapelketa abuztuaren bukaeratik urriaren hasierara, asteburuetan, antolatzen da oraindik.
Egun bi taldek parte hartzen dute. Talde bakoitzean pilotari bat dago modalitateko, lehen ez bezala, pilotari batek modalitate guztietan jokatzen baitzuen.
Auritzeko San Joan gaua
San Joan gaua ospakizun berezia da, kristautasuna iritsi aurreko garaietatik iraun duena. Paganoen jaia da, sinbolismoz betea, eta bizitza zikloen aldaketari lotua. Erritua suen inguruan egiten da, eta lau elementuak ditu ardaztzat. Auritzeko suak dira, beharbada, horren erakusgarririk onena Partzuergoko lurraldeetan. Herri horretako jaian Trebole dantza egiten da, eta ogia eta gazta banatzen da.
Orhipean
Lanbideen eta tradizioen festa Otsagabian. Badira musika tradizionala eta kalitate handiko kontzertuak (Kepa Junkera, Luar na Lubre...), erakusketak, eskulanak, kirol ibilaldiak, eta abar; eta, horrez gain, jaiaren ardatza izango den gai bat prestatzen da. Gai hori Oripeko ibarretan izan diren ohiturei eta tradizioei loturik egoten da beti. Irailaren 8aren aurreko asteburuan egiten da.
Argibide gehiagorako: Tel. 948 890 641
Irunberriko jaiak

Tradizio handiko jaiak dira, eta oso errotuta daude jendearen artean. Abuztuaren 30ean hasten dira, San Erramun egunaren bezperaz. Egitarauan hamaika ekitaldi daude: gaitariak, musika, erraldoiak, entzierroak Kale Nagusian, pilota partidak, plater tiroko tokiko txapelketa, kalderete dastatzea, Nafarroako ardoen eta gazten erakusketa, zezensuzkoa, tokiko artisten pintura erakusketa, dantzaldiak...

atxatxuri digital