Pirinioetan gastronomiarako produktu apartak daude. Haragien artean, behi aziendena nabarmentzen da, eta kalitate labela du Nafarroako Aretxea. Halaber, bildotsa ere aipatzekoa da, kalitate bikaina baitu.
Zaraitzuko, Aezkoako eta Erroibarko aldean, gainera, patata ona egiten da, eta Irunberrin eta inguruko ibarretan, mendi hegaleko ardoa.
Oso kalitate onekoak dira, halaber, ogia, etxeko gozogintza (txantxigorrizko opilak), barazkiak, eta, jakina, gazta (Erronkariko eta Idiazabalgo jatorri deiturak, Orreagako kooperatiba, gaztandegi partikularrak...).
 

Lehenengo platerean baratzeko produktuak hartzen dira, hala nola entsaladak, sasoiko barazkiak, egoskariak..., edo, bestela, artzain erako ogi mamiak, edo perretxiko edo onddo nahaskia. Zopak ere onak dira, eltzeko zopa, esaterako.

Bigarren platererako, bildotsarekin edo txahalarekin prestaturiko jakiak ditugu, edo sasoiko ehizakiekin apailatutakoak: oreinarekin, basurdearekin, usoarekin... edo, bestela, amuarraina nafar erara, edo ajoarrieroa, hainbat eratara. Piperrak, tokikoak ez badira ere, badira Nafarroakoak, eta osagarri ona dira okelarako, edo haragiz edo arrainez beteak. Postrerako, noski, tokiko gazta eta esnekiak: esne mamia, gaztanbera, gaztazarra... bai eta esnez egindako postreak ere, hala nola natillak, etxeko flana..., edo tartak, sagar tarta, esaterako.

Otordu onari bukaera emateko, tokiko likoreak ditugu, hala nola patxarana edo basaka (Erronkarin, sagarko), basasagarrekin egina.

atxatxuri digital