Pirinioetako zenbait ibarretan janzkiak berezkoak eta bereziak dira. Sexuaren, adinaren, egoera zibilaren zein gizarte mailaren arabera aldatzen dira. Duela ehun bat urte arte erabiltzen ziren. Egun, jaietan eta erromerietan janzten dituzte.
Aezkoa: gizona
 Marrazkia: Artzai
Oihalezko janzkia eramaten zuen. Galtzak beltzak ziren, eta belaunen azpian estutzen zituen, lokarri baten bidez; lokarriak borla beltzak zituen muturretan. Txalekoa eta jaka ere beltzak ziren, eta botoiak eta galartzuak zituzten. Gerrikoa artilezkoa zen, urdina, eta galtzerdiak beltzak, kotoizkoak edo artilezkoak; zapata zabalak eramaten zituzten, behi larruzkoak. Buruan, beheranzko hegal biribila zuen feltrozko kapelu beltza zeraman. Neguan, belaunetarainoko kasaka beltza eramaten zuen janzkiaren gainetik. Gazteek antzeko janzkia eramaten zuten, baina jantzi batzuk, hala nola jaka, gerrikoa edo kapelua, beltzak izan beharrean, kolore bizikoak ziren.
Zaraitzuko eta Erronkariko gizonek antzera janzten ziren, ezberdintasun batzuk gorabehera.
Zaraitzu: emakumea
 Marrazkia: Artzai
Bi gona edo zaia beltz tolesdunak erabiltzen zituen; orkatiletarainoko luzera zuten, eta albo batean lotzen ziren. Bi zaien artean, gerritik zintzilik, telazko sakela eramaten zuten, portaka izenekoa. Lihozko atorra luzea lurreraino iristen zen, eta mahukak izur askokoak ziren; gonazpikotzat ere balio zien. Zapatak itxiak ziren, behi larru beltzezkoak, eta galtzerdiak harizkoak ziren, beltzak horiek ere. Bizkarraldean behera, bi ile txirikorda luze eramaten zituen, satinezko edo zetazko xingola beltzekin lotuak edo muturrean jarriak; belaunetaraino iristen ziren. Atorraren gainean, jipoi beltz estua janzten zuen, mahuketan parpaila fina zuena. Lepoaren inguruan, lepokoak, batzuk hainbat biratakoak. Zenbaitetan, urrezkoak edo zilarrezkoak ziren, eta familiaren maila ekonomikoa erakusten zuten. Elizara mantelina beltza eramaten zuen. Neska gazteek antzeko janzkia erabiltzen zuten, baina brodatuetan eta xingoletan kolore gehiago ageri zuten.
Bitxikeria gisa, unaia aipatuko dugu: euria ari zuen egunetan, gona tolesdunetan biltzen zen; horretarako, goiko zaia, kota zeritzena, altxatzen zuen, eta buruaren gainetik jartzen.
Aezkoako eta Erronkariko emakumeak antzera janzten ziren, nahiz eta, jakina, apainduren aldetik aldeak bazeuden; izan ere, Aezkoako janzkiak soilagoak ziren, eta Erronkarikoak, ikusgarriagoak.
Erronkari: errejidorea
 Marrazkia: Artzai
Gizon ezkonduen janzki bera eramaten zuen, baina zapatetan zilarrezko belarriak zituen. Janzkiaren gainean ongarina eramaten zuten, hots, oihalezko longain beltza; behealdean lasaia zen, oso, eta belaunetaraino iristen zen. Bi alboetan zegoen irekita, eta mauka solteak zituen; txanoa luzea zen, eta estua atzeko aldean. Longain osoak ertz gorri biziak zituen. Longainaren gainean, harizko paparreko zuria eramaten zuen, aurrealdean lotzen zena, lokarri zuri batekin.
Ibarreko batzarreko burua, eskubidez, gerra kapitaintzat hartzen zuten; horregatik, longainean banda gorria eramaten zuen, bularraldean gurutzatua, eta, eskuan, aspaldiko benetako lantza bat, egungo makila baino luzeagoa, lantza punta eta guzti.
Pirinioetako hiru ibar horietan, errejidore edo alkate janzkiak oso antzekoak dira, ezberdintasun batzuk gorabehera. Egun, ibar horietako alkateek janzki hori eramateko ohiturari eutsi diote, zeremonia eta jaietan.
Aipatutakoez gain, badira beste janzki tradizional batzuk, artzainentzat, emakume alargunentzat, ezkongaientzat...
atxatxuri digital