Oreina
(Cervus elephus): Ugaztun
lerden hau oso ezaguna da. Haren
pisua 265 kilokoa izan daiteke,
eta haren garaiera 1,5 metrokoa.
Basoetan bizi da, pago eta izei
basoetan, batik bat. Orein arrek
negu hasieran berritzen dituzte
adar itzelak. Gauez ibiltzen
direnez, zaila da oreinak ikustea.
Hala ere, ilunabarrean edo egunsentian
ikus daitezke, erreketara edatera
joaten direnean. Oreinen araldia
edo marrualdia oso ezaguna da.
Orduan, haien marruak basoko
bazter guztietan entzun daitezke.
Arrek baino ez dituzte adarrak.
Iratin eta Kintoan daude populazio
handienak.
Basurdea (Sus scrofa):
eite sendoko ugaztuna da, eta
txerrien familiakoa. Haren pisua
200 kilokoa ere izan daiteke,
baina arren artean 100 kilo
izatea da ohikoena. Egunsentiko
eta gaueko bizitza duen animalia
da. Basurde ar handiak bakartiak
dira, eta emeak kumeekin batera
egoten dira. Ehiztariek estimatzen
duten espeziea da.
Hartz arrea (Ursus
arctos): animalia aparta
da, eta 80 eta 250 kilo bitarte
izaten ditu. Pirinioetako natura
babesteko ikurtzat hartu da.
Gauez ibiltzeko ohitura du,
eta zuhur samarra da. Hartza
orojalea da, baina haren elikaduraren
oinarria landareak dira. Noiz
edo noiz ardiren bat jaten du,
artaldea sakabanatzen denean.
Gizakien jazarpena dela kausa,
mendialdeetan zokoraturik gelditu
da. Pirinioetan dagoen populazioa
12 eta 15 hartz bitartekoa dela
kalkulatu da. Partzuergoko lurraldeetan
hartz arra dago, Camille, eta
noizbehinka Erronkarin agertzen
da.
Sai arrea (Gyps fulvus):
sai arrea hego luzera handiko
(2,80 m bitarte) harrapari sarraskijalea
da; Partzuergoko lurraldeetan
oso ugaria da. Kolonietan bizi
da, eta harkaitzetako erlaitzetan
eta zuloguneetan egiten dituzte
habiak. Populazio handienak
Pirinio aurreko arroetako arroiletan
daude. |