Iratiko Oihana lurralde zabala da (17.195 Ha), eta % 75 basoa da. Mendiek inguraturiko arro batean dago. Inguruan honako ibarrak ditu: Aezkoa eta Zaraitzu (Nafarroa Garaia), Garazi (Nafarroa Beherea) eta Larraine (Zuberoa). Antzinatetik ustiatu izan da, abeltzaintzarekin, basoa aprobetxatuta edo ehizarako.
Iratiko Oihana

Naturaren eta ekologiaren aldetik balio handia du, eta Europako pagadi/izeidi handienetakotzat jo dute. Naturaz gozatzeko, oso erakargarria da urte osoan zehar. Basoaren kalitatearekin bat, Iratiko animaliak askotarikoak eta erakargarriak dira: orkatza, oreina, basurdea, lepahoria, igel piriniarra, okil beltza.


Paisaian etengabe atzematen dira aldaketak, bata bestearen atzetik: hostoen leherketa berdea, udaberrian; abereak larrean, udan; udazkeneko koloreaniztasuna; neguko isiltasuna, elurrak zuriz estalita, batzuetan.




Hainbat ibilaldi zein zeharkaldi egin daitezke oinez edo mendi bizikletaz, eta, halaber, mendietara igo daiteke, edo neguko jarduerak egin daitezke elur gainean (elur erraketak; iraupen eskia, balizatuta, Abodin;...). Horri esker, urte osoan zehar goza daiteke inguru horren kalitateaz. Irabiako urtegia, basoaren bihotzean, lekuaren edertasuna areagotzen du.

Horrez gain, badira 16 bidezidor balizatu. Arduraz aukeratu dira bidezidorrok, eta haietan barrena paseatzea da erarik onena gordetzen dituzten sekretuak aurkitzeko. Oro har, adin guztietakoentzat dira.

Aezkoa abiapuntu harturik, Orbaitzetatik iristen da Iratira; Zaraitzutik abiatuta, Otsagabiatik iristen da.

Otsagabiako eta Orreagako informazio eta turismo bulegoek (urte osoan) zein Garraldako bulegoak (goi denboraldian) zalantzak argitzen lagunduko dizute.
Gainera, goi denboraldian, Irati barruan —Arrazolan eta Elurretako Andre Marian— badaude argibideetarako puntuak.

Basoko hainbat arlo babestuta dago, eta, haien artean, badira natura babesteko zenbait figura: hegaztiak babesteko naturgune bereziak, erreserba naturalak eta integralak, eta Europar Batasunaren ekologia intereseko leku bat ezartzen ari da.
Iratin, baliabide eta jarduera guztiak harmonizatzeko eta arrazionalizatzeko plan bat dago: turismoa, ehiza, abeltzaintza, basogintza.

atxatxuri digital