Kintoa Erroibarkoa, Baztangoa,
Esteribarkoa eta Aldudekoa da.
Ugari dira oreinak, orkatzak,
adarzabalak, basurdeak zein
azeriak. Baso sarri horretan,
hegaztiek osatzen dute faunaren
aberastasuna. Aipatzekoak dira
okil beltza, okil gibelnabarra,
eta oilagorra, bai eta hegazti
harrapari handiak (arranoa,
zapelatz liztorjalea... eta
hegazti sarraskijaleak (saia,
ugatza...) ere.
Zalantzarik gabe, oreinen marrualdia
da gertaerarik garrantzitsuena
Kintoko basoetan, udazkeneko
lehen egunetan. Une liluragarri
horretan, orein arrek emea bilatzen
dute, estaltzeko, eta, hala,
espeziea iraunarazteko. Egun
horietan oreinek izugarrizko
estresa pairatzen dute. Hara
hona ibiltzen dira gau osoan,
jateaz arduratu gabe ia. Ilunabarrean
hasten dira marruka, eta basoan
zalaparta sortzen. Horrela,
dei egiten diete emeei, eta
lurraldea markatzen dute. Egunsentian,
basoko soilgune zabaletara bildu,
eta arrak liskartu egiten dira,
emeak adi begira dituztela.
Borrokatik garaile bakarra aterako
da, eta horrexek estaliko ditu
eme guztiak.
Orein ar garaitua, ahul eta
umiliatua, alde egingo du inguru
horretatik, eta behin suspertuta
itzuliko da, postua bereganatzen
saiatzeko.
Kintoa Erdi Arotik datorren
izena da: XIII. mendean, Nafarroako
erregeek bosten bat jasotzen
zuten abeltzaintzarekin eta
basogintzarekin lortzen zenetik.
Kintotik, Baztanera joan daiteke
Artesiagako mendatetik, edo
Aldudera joan daiteke, Urkiagako
mendatetik.
Sorogain
(Erroibar) ingurune
aparta da erlaxatzeko, ibilaldi
lasaiak egiteko, edo igotzen
erraza den mendiren bat igotzeko.
Leku eder horretan denbora gelditu
egin dela dirudi, eta pagoek,
aritzek eta mendiek alfonbra
berde zabal bat inguratzen dute.
Atzean, Adi mendi dotoreak paradisuaren
betiereko zaindaria dirudi,
eta baso sarriek, larreek eta
ibaiek erraz ahazten ez den
paisaia eratzen dute. Sorogainen
Erroibarko eta Baigorriko aziendak
egoten dira, partzuergoan. Marka
dela eta, jai handia egiten
da. Larreen eremu guztian zehar
zenbait trikuharri daude, historiaurreko
artzainek utzitako hondarrak.
Sorogainen atsedenleku bat dago,
oso ingurune ederrean. Badaude
mahaiak, eserlekuak eta harrizko
erretegiak.
|