Nafarroako Pirinioak zeharkatzen dituzten ibaiak eta errekak oso ugariak dira, eta paisaia moldatzen dute. Oso ekosistema oparoak sortu dituzte. Ibar basoak bizitzaz beteriko tokiak dira: koartzak, miruak, urretxoriak, martin arrantzaleak eta tamaina txikiko beste txori batzuk bizi dira han, haltzen, intsusen, sahatsen, astigarren, lizarren eta zumarren artean.
Ibaiek, gainera, ura ekartzen dute, eta energia ematen, eta ibarren ardatzak dira. Hona hemen ibai nagusiak:
Irati
Urtxuria eta Urbeltza ibaiek bat egiten duten tokian jaiotzen da, Iratiko basoan. Irabian pausatu egiten da, eta urloa eratzen du basoaren bihotzean. Aezkoa zeharkatzean oso ikuspegi ederrak eskaini ondoren, Irati ibaiko urek izen bereko ibarrean zehar jarraitzen dute, Irunberriko arroilako haitzarte zoragarrietara iritsi arte. Azkenik, 88 kilometro egin ondoren, Aragoi ibaian bukatzen du ibilbidea.
Ziur aski, energia hidroelektrikoa lortzeko gehien erabili den ibaia da, batez ere Irati SA enpresa sortu zenez geroztik. Iruñea eta Zangoza lotzen zituen tren elektrikoa ere izena hartu zion. Garai hartan egin zen Irabiako urtegia. Bost aldiz handituta dago, zura Ekaiko zerrategira eramateko behar zen emaria ziurtatzearren.
Irati ibaiaren ibilbidean zehar hainbat hodi, jauzi, tutu, ubide, eta zentral ikus daiteke, eraikuntza horiek zuten kalitatearen erakusgarri.
Arga
Kintoan jaiotzen da, Urkiaga menditik hurbil. Gero, Eugiko urtegian pausatzen da, eta ikuspegi ederra eskaintzen du. Arga ibaiaren ertzetan haltzak daude, udaberrian loraketa ikusgarria dutenak, bai eta lizarrak, makalak eta zurzuriak ere. Ibai honetan, arrantzaleentzat, amuarrainak eta barboak daude, besteak beste. Nafarroako ibai nagusien artean, Arga da ibilbide osoa Nafarroako lurretan egiten duena, 145 kilometrotan zehar.
Ezka
Erronkari ibarraren erdialdean egiten du bere ibilbidea, eta, eskuinaldean, Uztarroze eta Binies ibaiek isurtzen dizkiote urak, eta, ezkerraldean, Belagua, Maze eta Belabartze ibaiek. Izabatik, Urzainkitik, Erronkaritik eta Burgitik igarotzen da. Lakartxelako hegoaldean, Burgitik 3 kilometrora, Aragoin sartzen da, eta hor Badalona errekaren urak jasotzen ditu. Gero Salvatierra de Escatik eta Siguestik igarotzen da, eta Aragoi ibaira isurtzen da Venta Carrican.
Zaraitzu
Irati ibaiaren adar nagusia da. Otsagabian, Zatoia eta Anduña ibaiak elkartzen diren tokian, sortzen da. Iparraldetik hegoaldera ibiltzen du Zaraitzu ibarra, eta, gainera, Nabaskozeko almiradioa zeharkatzen du azken zatian.
Amuarraina arrantzatzeko baldintza onak ditu, eta, Irati ibaira doan bokaletik gertu, barbo eta loina populazio handi samarrak ditu. Zubi ugariren artean, nabarmendu behar dira Hornosekoa, Espartzakoa, Biotzarikoa, eta, Irunberrin, Ahuntzen zubia.
Erro
Sorogainen sortzen da, eta izena hartu dion ibarra zeharkatzen du. Urak Irati ibaian isuri baino lehen, 40 kilometro baino gehiago egingo ditu.
Urrobi eta Areta nabarmendu beharreko beste ibai batzuk dira
atxatxuri digital