Iratiko Oihana
Naturaren eta ekologiaren aldetik balio handia du, eta Europako pagadi/izeidi handienetakotzat jo dute. Paisaian etengabe atzematen dira aldaketak, bata bestearen atzetik: hostoen leherketa berdea, udaberrian...
Otsagabiako dantzak
Otsagabiako dantzak belaunaldiz belaunaldi gorde dira. Errituzko ziklo horretan lau makil dantza iradokitzaile eta adierazkor daude, bai eta zapi dantza eta jota.
Zortzi dantzariek, Bobo pertsonaia...
Artzainak eta trashumantzia
Zaraitzun, Erronkarin bezala, transhumantzia nagusi izan zen. Negua izan baino lehen, artzainek rasa arrazako artaldeak Erriberako Bardeetara eramaten zituzten...
Landako Santa Maria
Nabaskozen dago. XII. mendeko erromaniko landatarraren adibide eder ederra da, harrizkoa. Jakako erromanikoaren eragina du...
 
Iratiko Oihana
Lurralde zabala da (17.195 Ha), eta % 75 basoa da. Mendiek inguraturiko arro batean dago. Inguruan honako ibarrak ditu: Aezkoa eta Zaraitzu (Nafarroa Garaia), Garazi (Nafarroa Beherea) eta Larraine (Zuberoa). Antzinatetik ustiatu izan da, abeltzaintzarekin, basoa aprobetxatuta edo ehizarako.

Naturaren eta ekologiaren aldetik balio handia du, eta Europako pagadi/izeidi handienetakotzat jo dute. Naturaz gozatzeko, oso erakargarria da urte osoan zehar. Basoaren kalitatearekin bat, Iratiko animaliak askotarikoak eta erakargarriak dira: orkatza, oreina, basurdea, lepahoria, igel piriniarra, okil beltza. Paisaian etengabe atzematen dira aldaketak, bata bestearen atzetik: hostoen leherketa berdea, udaberrian; abereak larrean, udan; udazkeneko koloreaniztasuna; neguko isiltasuna, elurrak zuriz estalita, batzuetan.

Hainbat ibilaldi zein zeharkaldi egin daitezke oinez edo mendi bizikletaz, eta, halaber, mendietara igo daiteke, edo neguko jarduerak egin daitezke elur gainean (elur erraketak; iraupen eskia, balizatuta, Abodin;...). Horri esker, urte osoan zehar goza daiteke inguru horren kalitateaz. Irabiako urtegia, basoaren bihotzean, lekuaren edertasuna areagotzen du.
Horrez gain, badira 16 bidezidor balizatu. Arduraz aukeratu dira bidezidorrok, eta haietan barrena paseatzea da erarik onena gordetzen dituzten sekretuak aurkitzeko. Oro har, adin guztietakoentzat dira.

Zaraitzu abiapuntu harturik, Otsagabiatik iristen da Iratira; Aezkoatik abiatuta, Orbaizetatik iristen da.
Otsagabiako eta Orreagako informazio eta turismo bulegoek (urte osoan) zein Garraldako bulegoak (goi denboraldian) zalantzak argitzen lagunduko dizute.
Gainera, goi denboraldian, Irati barruan —Arrazolan eta Elurretako Andre Marian— badaude argibideetarako puntuak.

Basoko hainbat arlo babestuta dago, eta, haien artean, badira natura babesteko zenbait figura: hegaztiak babesteko naturgune bereziak, erreserba naturalak eta integralak, eta Europar Batasunaren ekologia intereseko leku bat ezartzen ari da.
Iratin, baliabide eta jarduera guztiak harmonizatzeko eta arrazionalizatzeko plan bat dago: turismoa, ehiza, abeltzaintza, basogintza.
 
   
 
Otsagabiako dantzak
Otsagabiako dantzak belaunaldiz belaunaldi gorde dira. Errituzko ziklo horretan lau makil dantza iradokitzaile eta adierazkor daude, bai eta zapi dantza eta jota.

Zortzi dantzariek, Bobo pertsonaia mozorroduna buru, urtero, irailaren 8an, sinbolismoz beteriko erritua gauzatzen dute Muskildako Ama Birjinaren ermitaren aurrean.

Hauek dira dantzak: lau makil dantza, Enperadorea, Katxutxa, Dantza eta Modorro izenak dituztenak; zapiekin egiten den dantza bat, Zapi dantza, eta Jota. Horrez gain, Kalejira dute, joan etorrietarako. Errituzko dantza horiek antzina antzinatik gorde dira, eta denboran zehar iraun dute.

Zortzi dantzariek eta Bobok Muskildan dantza egin zutela aipatzen duen lehen dokumentua 1.695ekoa da. Egun, Nafarroako folkloreko dantza garrantzitsuenetakoa dela jotzen da.
 
   
 
Artzainak eta trashumantzia
Zaraitzun, Erronkarin bezala, transhumantzia nagusi izan zen. Negua izan baino lehen, artzainek rasa arrazako artaldeak Erriberako Bardeetara eramaten zituzten, zortzi mende baino gehiagoko ohitura betetzeko. Ia 80 kilometroko bidaia horiek, oinez, beti leku beretik egiten ziren: Zaraitzuarren altxonbidea. Hona hemen ibilbidea: Erremendia Adoain Oibar Galipentzu Murillo el Fruto Aurre aurrean artaldearen jabea zihoan, eta ondotik artzainburua, artzain gazteak, eta haur mordoxka, artzain mutilak, laguntzeko eta ikasteko.
 
   
 
Landako Santa Maria
Nabaskozen dago. XII. mendeko erromaniko landatarraren adibide eder ederra da, harrizkoa. Jakako erromanikoaren eragina du, eta, ibaiertzaren eta makaldiaren ondoan bakarrik dagoenez, haren edertasuna areagotu egiten da. Hirutan banaturiko eta burualde erdizirkularreko nabe bakar bat du. Erdialdean du dorrea; karratua da, eta erdi puntuko leiho bikiak ditu. Multzoak, kanpoaldean, harmonia soileko eitea du.
 
   
atxatxuri digital